Bertsolaritza kantatuz, errimatuz eta neurtuz burutzen den berbaldia izateaz gain, gizartearen ispilu txiki bat ere bada. Esparru horrek hurbiltzen du beraz aldizkari honetara eta haren atzean
dagoen errealitate zabalera.

Azken aldi honetan kulturak nahiz euskarak jasan dituzten murrizketak neurriz kanpokoak izan arren eta haren eraginak orain artean neurrigabeak, bertsolaritzak lortu du arlo, gai eta jarrera askotan gizartearen bultzada eragitea eta nolanahi ere entzulearen belarrietan ezartzea bi gizonen aitatasun nahia eta horretarako aurrera eman beharreko pausuen azalpena, ingurukoen aurrean homosexuala dela azaltzen duen gaztearen erronka nahiz erditu gabe ama izan den lesbianaren bizipena.

Izan ere mikrofonoaren bidez plazaratzen denak beti egin du hitza garrantzitsu eta hitzak bere pisua hartu publikoki esan denean.

Dena den LGTBI kolektiboarekin zerikusia duten gaiak oraindik bakanak dira bertsolaritzan, gay eta lesbianen ingurukoak pixkanaka oholtza gainean maiztasun handiagoz azaltzen badira ere, transexualenak nekez jorratzen dira, ziurrenik barneratua ez dagoen egoera delako, arrotza suertatzen delako eta zenbait topikoetan erortzeko arriskua ikusten delako. Bisexualen errealitatea
aldiz apenas azaleratzen den gaia da.

Marrazten diren harreman gehienak heteroak izaten dira, baina ziurrenik bertsolarien artean ez dago kontzientziarik jarrera hori zenbateraino den baztertzailea edo/eta murriztailea. Bertsolariek askotan sentitu dute, gaiak zehaztu ez arren, beraien pertsonaiak bikoteko neska edo mutil gisa definitzeko beharra. Horrez gain, bertsolariek maiz jolasten dute fikzioa egitera, baina gutxitan harreman homosexualak marraztera, eta are gutxiago pertsona bisexual-ak izatera. Esplizituki gaiak harreman homosexuala aipatzen ez badu, bertsolarien artean gutxitan egiten da libreki homosexualitatearen aukera. Eta norbaitek, libreki, aukera hori egiten duenean, baliteke, zerbait naturala baino, zerbait aldarrikatzailea bezala ulertzea gainerako bertsolari edo/eta bertsozaleek. Ohikotik kanpo dagoen ikuspegi edo harremanak aipatzen direnean probokazioa edo aldarrikapen gisa ulertzeko joera baitago, nahiz eta ez beti helburu horrekin abestu. Beraz, oraindik arauak heteroa izaten jarraitzen du, askoren ustez, nabarmen.

Are gehiago esatearren, bikote heterosexualen rol batzuk oso txertatuta daude gizartean, eta oraindik grazia egiten dute gizonezko estereotipo batzuk, baita betiko etxeko andrearen irudiak ere. Inertziaz ateratzen diren ohiko komentario eta txisteak oso ernetuta daude, eta galbahea pasatzen ez bada, oharkabean atera egiten dira. Batzuetan ondo datoz, aukera hori nahita egiten denean noski, baina oharkabean irteten direnean subkontzientean iltzatuta daudelako da.

Oraindik eta ohartu gabe kolektiboarenganako fobia agertzen da bertsotan, edo proposamen homosexualak ia mehatxu moduan mutilen artean edo… Oraindik mutilak mutila “seduzitzen” duenean, eta sarri gertatzen da, beti “broma” moduan egiten da, beti argi dago ez dela serioa. Emakumeen kasuan aldiz, bi emakume ohe berean, sauna batean edo zaku berean, nekez jartzen dira gai batean. Badirudi honen inguruan ezin dela umorerik egin, eta alderantziz, zergatik saiatu sakonetik aritzen umorea alde batera utzita? Umore mota hori ez da barregarria, sarri homofobia/lesbofobia zertzeladak hartzen dituela ere esan daiteke.

Zenbaitetan, bertso saioaren giroaren arabera, bertsolariek uste eta sentitzen dutena ukatzera ere heldu ohi dira, azalpenak ez ematearren, errazkeriaz eta betikotik ateratzeak dakarren zama arintzearren, egiari eta norbere errealitateari bizkarra emanez besteen errealitateari aurre ez egitearren. Hala ere azken urte hauetan aurrerapauso handiak eman dira, Bertsolaritzan, duela lauzpabost urte, bikote harremanei dagozkien gaietan, beharrezkoa ez balitz, bertsolariei generorik ez markatzeko erabakia hartu zen. Erabaki hau Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen Bertso Txapelketetako gaietarako hartu zen; herriz herri beren kabuz aritzen diren hainbat gai-jartzailek akaso honen berri izan ez arren, bada beste hainbat gai-jartzaile plazetan ere oso maiz bide hau jarraitzen duena.

Euskarak, gainera, bide horretan aukera handia eskaintzen du, ez sustantiboetan, ez adjektiboetan ere, ez delako generorik markatzen. Horrek, ordea, badu bere traba ere: markatzen ez dena, ia beti, hetero gisa ikusten jarraitzen delako, eta azaleratu
beharrekoak itzalean geratzeko arriskua dagoelako.

Erabaki honek, printzipioz, genero rolak baztertu eta ordura arte erabat gehiengoa ziren heteroharremanak albo batera utzi eta fokoa pertsonen arteko harremanetan jartzea du helburu. Gay eta lesbianen bisibilizaziorako, zalantzarik gabe, pausu garrantzitsua da, hetero normarekin puskatzeko aukera eskaintzen duelako.

Hala ere, ezohikoa da eta oraindik gainditu gabeko langa dago hor. Horri buruz kantatzea naturaltasunez egin arren oraindik ez da ohikoa, eta kanonetatik kanpo dagoen zerbait da. Edozein sexu aukera onartuta egon arren, bertsolaritzak horri buruz hausnartu arren eta bertsolariek ikuspegi zabala eta onartua izan arren, oraindik ere ez da jarrera arrunta.

Bestalde, bertsolaritza euskal kultura tradizionalaren adierazpenetako bat izaki, eta bertan plaza eta taberna gizonezkoen leku bezala definituak izan direlako, eta ondorioz espazio horretan ematen diren ekintzak (bertsogintza barne) gizonarenak izan ohi direlako bereziki, emakume bertsolariak XX. mendearen bigarren zatian egin zuen salto plazara, modu nabarmen batean. Mugimendu gisa, 1993an egin zuten lehen aldiz bertsolaritzako emakumeen topaketa, eta 2003an hasi ziren bertsolaritzako emakumeak elkartzen generoaz gogoeta egiteko. Oro har, generoaren aldarrikapenaren eragina bertsolaritzan nabaria da, hau da, gaien tratamenduan, epailetzan, antolakuntzan eta formazioan emakumeen presentzia eta ekarria gero eta nabariagoa da. Bertso munduan emakumezko bertsolariek sortu duten eraldaketa gizartean ere sumatzen da, bertsolaritza euskal kulturan eta gizartean erreferente nagusi delako.

Feminismotik egin den lan honek, zalantzarik gabe, ikaragarri lagundu du harreman lesbikoak begi-bistako egiten. Gaur egun, badira martxoaren 8aren inguruko nahiz lesbianek antolatutako bertso bazkari/afariak, emakumezko bertsolariak kantari dituztenean bertsotan harreman lesbikoak marrazten dituztenak. Emakumezko bertsolariek eta giro hauetako entzuleek, naturaltasunez hartzen dituzte harreman lesbiko horiek, bertsolari hori “benetan” edo “fikzioan” ari den pentsatzen jartzeko beharrik sentitu gabe.

Laburbilduz, ezin zalantzarik egin bertsolaritzaren ekarpenak LGTBI kolektiboa ikusgai egiten aipagarriak izan direnik, zorionez bertsolaritza diskurtso mailan beste hainbat arlo eta alor baino aurreratuagoa eta landuagoa datorrenik. Horrek gizarte anitz eta aurrerakoia eraikitzeko bidean motor gisa kokatzen du, ideiak ereiteko gai baita, gero jendeak bidean jar ditzan. Aldarrikapena arrunt izatera heltzeko erronka beraz bateratua da, gizartearena eta gizartea islatzen duen bertsolaritzarena alajaina.

Iturria: Bertsozale Elkarteko Ixiar Eizagirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Oscar Estanga eta Amaia Agirre. Esker mila guztioi.

Izaskun Azurmendi