LGBT mugimenduaren eskubideak errespetatzea eskatu dute Miarritzen

 

Jende andana batu da Miarritzen Gay eta Lesbianen harrotasun martxara, LGBT mugimenduaren eskubideak erresptatuak izan daitezela aldarrikatzeko. Miarritzeko itsasargitik abiatuta, hiriko karriketan barna ibili dira ehunka jende, musikarekin dantzan, giro alaiean. Elkarte eta eragile anitzek parte hartu dute, baita Sylviane Allaux diputatu sozialistak ere; Michel Veunac Miarritzeko auzapezak agerpen laburra egin du, martxaren hasieran.

Eskubideak aitzinarazi, beldurrak gibelarazi lelopean, Orlandoko (Estatu Batuak) sarraskia gogoan izan dute Les Bascos elkarteko kideek: “Orlandon gertatu denak erakusten digu, LGBT mugimenduaren kontrako erasoak edonoiz gertatzen ahal direla; han gertatu da, hemen ere gerta daiteke”, adierazi du Beñat Gachen Les Bascos elkarteko presidenteak.

Gogor mintzatu dira Frantziako Gobernuaren kontra, homosexualen ezkontza eskubidea onartu ondotik “deus gutxi” egin duela leporatuta: “Politikarien kudeaketa txarrak homosexualen eskubideen kontrako ahotsak indartu ditu eta homofobiaren gorakada handia sentitzen da. Laster presidentetzako hauteskundeak izanen dira Frantzian eta perspektiba aski txarra da. Kasu onenean statu quo bat proposatzen digute, txarrenean gibel egitea”, salatu dute.

Hiru aldarrikapen nagusi plazaratu dituzte harrotasun martxaren bukaeran egin duten hitzartzean. Lehenik, medikuntzaz lagundu haur sortzea emazte guziei onartzea -gaur egun, haurrik izan ezin duten bikote heterosexualek baizik ez dute eskubide hori-, bestetik, bikote homosexualek osatatutako familiak onartzea eta bere eskubideak aitortzea eta azkenik, homofobiaren kontrako “zinezko” politak martxan ematea.