Gehituk, Tolosako Udalarekin eta EHGAMekin batera Tolosako Zerkausia argiztatuko du
Tolosako Udalak zenbait jarduera iragarri ditu ekainaren 28ko LGBTIQen eskubideen aldeko egunaren harira.
Tolosa izan zen, duela ia 40 urte, homofobiaren aurkako mozio bat onartu zuen lehenengo udaletako bat. Hala azaldu dute, gaur, Zerkausian eskainitako agerraldian. Olatz Peon alkatearekin batera, Maite Ruiz de Eguilaz berdinatsun zinegotzia, Ramon San Sebastian GEHITUko kidea eta Mikel Martin EHGAMeko kidea izan dira, eta lesbiana, gay, bisexual, transexual, intersexual eta queer-en eskubideen aldeko egunerako deialdia egin dute.
Hitza hartu bezain pronto, Tolosako alkateak ezinbestean gogora ekarri du Orlandoko (AEB) gertakaria, Iñigo Lamarkaren iritzi artikulu baten haritik. Horrela, urteroko adierazpen instituzionala plenoan onartzeaz gain, “kolektibo horren errealitatea ikusarazi” egin behar dela azpimarratu du: “Herrialde askotan LGBTIQ pertsonek jazarpena jasaten dute, eta ez dugu ahaztu behar gure gizarteko aniztasunaren ordezkari direla. Errespeturik ez baldin badago, ez dago eskubide berdintasunik”.
Horrela, beraz, aurrera begira gai horri heltzeko “konpromisoa” nabarmendu du berdintasun zinegotziak, aste honetan bertan abiaraziko dituzten jardueren berri emanez. Batetik, San Joan bezperan hasi eta ekainaren 28ra bitarte, Zerkausiak ortzadar kolorea hartuko du gauero, LGBTIQ bandera argiztapen bidez irudikatuz: “Zerkausia herriko eraikin historiko garrantzitsuenetako bat da, eta oso egokia iruditu zaigu egitasmo hau”, azaldu du Ramon San Sebastian GEHITUko kideak. Aldarrikapena sare sozialetara zabaltzeko helburuz,#tolosaLGTBIherria traola baliatuko dute.
Homofobiaren aurkako borroka horretan, iaz izan zuten, lehen esku-hartze ofiziala, Tolosan: “TAKEk antolaturiko 3×3 txapelketan parte hartu genuen Ortzadar taldearekin, eta bai herritarrak, bai antolatzaileak, oso abegikor portatu ziren gurekin. Horregatik, aurten udalarekin harremanetan jarri gara”.
Zerkausiaren itxuraldatzearekin batera, udaletxeko balkoitik aldarrikapen ikurrak zintzilikatuko dituzte, urteroko moduan, ekainaren 28an bertan: batetik, EHGAMen triangelu arrosa –gay komunitatearen ikurra, eta naziek homosexualen aurka egindako jazarpena irudikatzen duena– eta, bestetik, LGBTIQ mugimenduaren bandera koloreduna.
Azkenik, egun horretan bertan, Tolosako udalbatzak adierazpen instituzionala onartuko du, Ekainaren 28a, lesbiana, gay, bisexual, transexual, intersexual eta queeren eskubideen nazioarteko eguna izenburupean; aipatzekoa da, testua Aldarte, EHGAM, GEHITU, MEDEAK nahiz kolektibo horien alde lanean diharduten taldeen laguntzaz osatu dutela.
Homofobia, eguneroko ogi
Ramon San Sebastian GEHITUko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko ikasgeletan egindako galdeketa zenbaiten datuak eskaini ditu agerraldian, besteak beste, homofobia eta bazterketa, oraindik ere, eguneroko ogi direla plazaratzeko: “Arlo sozialean lan handia dago, oraindik ere, egiteko”, azaldu du.
Datu horien arabera, ikasgeletako %82ak jazarpen homofoboak ikusi ditu noizbait, eta %24 inguruk jarrera horiek izan dituela aitortu du. Halaber, %30ak jasan ditu jarrera horiek.
Mikel Martinek, bere aldetik, “homofobia desagertzen” ari dela azaldu du, baina “protokolo zenbait oraindik martxan izan behar direla” ohartarazi du, homofobia matxismoa dela azpimarratuz: “Lesbianen ikusezintasuna azpimarratzekoa da, eta baita munduko hainbat lekutan komunitateak jasaten duen oldarkortasuna, aukera sexual hutsagatik. Pozgarria da zenbait erakundek honen alde lan egiteko konpromisoa azaltzea, horrek are argiago azaltzen baitu, ez dizkigutela hegalak moztuko, eta ez digutela hegan egiteko gogoa kenduko ere”.
Iturria: http://ataria.info/tolosa/1466434505234
Artículos Relacionados
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.