Argitaratu da 2018an egin genuen Gipuzkoako LGTBI+ jendartearen kolektiboaren inguruko diagnosi-txostena
Diagnostikoak erretratu bat eskaintzen du Gipuzkoan bizi diren lesbianek, gayek, transexualek, bisexualek, intersexualek eta bestelako sexualitateak dituztenek bizi dituzten errealitateei buruz. Sexualitatea erdigunean jarrita, kontuan hartu dira, gainera, beste dimentsio batzuk, egitura aldetik diskriminaziorako arrazoi izan daitezkeenak: adina, egoera administratiboa (erregularra, izapidetzan, irregularra), erreferentzia kulturala, dibertsitate funtzionaleko egoera, baliabide sozioekonomikoak, eta abar.
Azterlanak erakusten duenez, erregulazio txikieneko espazioetan aitortzen dituzte LGTBI+ pertsonek diskriminazio gehien, hau da, espazio publikoetan, aisialdi, kultura eta kirolekoetan, baita sare sozialetan eta familia nahiz lagunen esparruetan ere. Espazio publikoei dagokienez, jasandako diskriminazio horietako asko dira gaitzespen erasoak –begiradak, sartzeko zailtasunak, eta abar–, eta ahozkoak –irainak eta komentarioak–. 11.000 biztanletik beherako herrietan errealitate gordin hori areagotu egiten da eta horren ondorioz hainbat herritarrek beren jaioterria uzten dute, anonimatuaren bila eta beren sexualitatearen garapen librearen eta beteagoaren bila.
Erregulazio handiena duten espazioetan –hezkuntzan, osasunean, administrazioan eta justizian–, berriz, zeharkako diskriminazioak nabarmentzen dira gehien. Hau da, erakundeen aldetik LGTBI+ komunitatearen beharrizanei ez erantzutea. Trans profil batzuek adierazi dute –areago, atzerriko jatorria badute–, zailtasun handiak dituztela lan merkatuan sartzeko, eta lan prekarioetara eta estigmatizatuetara jo behar dute, bizirik iraungo badute. Orobat, emakume eta pertsona ez-binarioek salatu dutenez, sarritan jasaten dituzte eraso matxista larriak jai guneetan, non lesbiana eta emakumea izatea intersekzionatzen duten, kasu.
Horren ondorioz, Gipuzkoako LGTBI+ pertsonek aldarrikatzen dute ez direla guztiz seguru sentitzen inongo espaziotan. Halaber, ez dute sentitzen aniztasun afektibo-sexuala gure gizartean ordezkatuta dagoenik. Oraindik pertsona ugari daude gure lurraldean, ezin direnak izan askatasun eta lasaitasun osoz izan nahi dutena, eta ezin dutenak beren burua beldurrik gabe garatu.
Horregatik guztiagatik, LGTBI+ pertsonen eskaera nagusietako bat da azpiegitura ez-baztertzaileak sortzea, irisgarritasuna eta erabakitzeko askatasuna dituztenak. Alegia, bainu komunak; aldagela bereizi gabeak, sistema binarioa iraunarazten ez dutenak; Euskal LGTBI+ Legea, sentsibilizazio eta ikusgarritasunerako baliabideak eta espazio seguruen identifikazioa eta sustapena. Azkenik, ondorioztatzen denez, profilik zaurgarrienak dira diskriminazio ezaugarri posible anizkoitzak intersekzionatzen direnak: asilo-eskatzaileak, atzerriko trans emakumeak, eta trans gazteak.
Diagnostikoak agertzen du aldaketa bat izan dela identitaterik urratzaileenen adinaren inguruan: gazteengan kokatzen dira ez-binarioa, transgeneroa, ageneroa eta ezin konta ahalako aukerak, bi aukera hegemonikoez haragokoak –emakumea, gizona–. Adin handiagoak ere, badirudi, orientazio afektibo-sexualak polarizatzen dituela, hau da, askoz pertsona bisexual gehiago daude gazteetan, helduetan baino; aitzitik, askoz lesbiana eta gay gehiago daude helduetan, gazteetan baino.
Ekimen honen esparrua da Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Plana, zeina baita ekintza-plan bat, aniztasuna eta diskriminaziorik eza sustatzeko helburua duena, herritar guztien aukera-berdintasuna bermatzeko. Azterlanak erantzun nahi dio gure lurraldean inoiz lehenago egin ez zen diagnostiko bat egin beharrari.
Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendari Ion Gambrak esan duenez, “diskriminaziorik ezak gure lurraldeko gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren gakoa izan behar du” eta “horren aurka borroka egiteak eskatzen du, abiapuntu gisa, herritar horiek pairatzen dituzten diskriminazioko eta urraketako egoera errealak identifikatzea, gero, haien eskubideak bermatzeko”. Foru zuzendariaren iritziz, “hori ezinbestekoa da kolektibo zaurgarrientzako politika egokiak eta eraginkorrak diseinatu eta ezartzeko, eta ekintza zehatz bihurtzeko, horretan lan egiten jarraitu nahi baitugu Gehiturekin eta gizarte zibilarekin batera.
Azterlanak ikuspegi aniztun, feminista eta intersekzional bat izan du, eta hauek hartu ditu oinarritzat: 275 pertsonako lagin bat, zeintzuek galde-sorta elektroniko bati erantzun baitzioten; 20 elkarrizketa, Euskadiko era askotako erakundeetako profesionalei eta adituri eginak; eta hiru eztabaida-talde, eremu eta profil bakoitzean are gehiago sakontzeko asmoz.
Related posts
Bilatu
Eman izena Gehituren Whatsapp taldean
Gure ekintzen berri izan nahi Whatsapp bidez? Zure mugikorreko kontaktuetan Gehituren zenbakia sartu 607 829 807 eta bidali ALTA hitza eta IZEN-ABIZENAK, hedapen-zerrendan sar zaitzagun. Mezu horiek jasotzeari utzi nahi izan ezkero berriz, bidali BAJA hitza.